

Bermeoko San Frantzisko Herri Ikastetxea astelehenean hasi eta zapatura arte Tik Tak Tok astean murgilduta dago. Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. maila bitarteko ikasleei zuzendutako jarduera da, baina gurasoek eta irakasleek ere parte hartzen ari dira. Ekimen honen helburua da ikaskuntza komunitatea sortzea eta pantailen erabilera egokia sustatzea.
Elkarlaneko ekimena Bermeon
Tik Tak Tok astea San Frantzisko Herri Ikastetxearen, Familia Elkartearen eta Bermeoko Udalaren elkarlanari esker antolatu da. Programa pilotua da, ikastetxearen eskaera zehatz bati erantzuteko prestatua. Sare sozialen erabilera, bideojokoak eta erabilera onaren dekalogoa dira aste honetan lantzen ari diren gai nagusietako batzuk.
Bermeoko Udalaren Gazteria sailetik azaldu dutenez, San Frantzisko Herri Ikastetxea harremanetan jarri zen Bermeoko Udalaren Adikzioak Prebenitzeko Zerbitzuarekin eta kale hezitzailearekin, ikasleak, familiak eta irakasleak inplikatzeko zerbait berritzailea sortzeko asmoz.
Tailerrak eta ginkana amaierako ekitaldi modura
Ikasleek eskola orduetan lantzen dituzte gai desberdinak, ordubeteko tailerren bidez. LH 3. eta 4. mailetan zazpi tailer ematen ari dira, eta LH 5. eta 6. mailetan, sei tailer. Azken bi mailetako jardueretan, irakasleek eta parte hartu nahi duten gurasoek ere parte hartzen dute.
Aste osoa borobiltzeko, zapatuan, 11:30etik 13:30era, ginkana bat egingo dute, astean landutako guztia bateratzeko. Bertan, ikasleak, irakasleak eta gurasoak elkartuko dira.
Pantailen erabilera egokiaren sustapena
Ekimenaren izena TikTok sare sozialetik, erlojuaren Tik Tak soinuatik eta TIC/IKT kontzeptuetatik dator, proiektuaren helburua pantailen erabilera arduratsua sustatzea baita.
Bermeoko kale hezitzailea eta Adikzioen Prebentziorako teknikariak arduratzen ari dira egitasmoa gidatzeaz. Programa, Bermeoko Adikzioen Prebentziorako Tokiko Planaren barruan kokatzen da. Informazio gehiago jaso edo harremanetan jarri nahi izanez gero, honako kontaktuak daude eskuragarri: