

Lekeitioko Udala eta Bai Euskarari Elkartea iaz hitzarmena sinatu zuten herrian euskararen erabilera indartzeko eta hizkuntza-paisaia hobetzeko. Bi erakundeek elkarrekin dihardute ostalaritza eta merkataritza sektoreetan euskararen presentzia areagotzeko, herriko identitatea indartuz eta turismoarekin bateragarri eginez.
Euskararen erabilera eta erronkak
Egun, Lekeition euskararen erabilera %69koa da, azken urteetan beherakada txiki bat jasanez. Adin tarteen arabera, 45 urtetik gorakoen artean erabilera %57koa da, eta horrek kezka berezia sortu du. Udalerrian euskararen egoera sakonago aztertzeko asmoz, herriko komertzio eta tabernekin diagnostiko bat egiteko prestaketa-lanak abian dira. Horretarako, Bai Euskarari ziurtagiriaren ebaluazioak baliatuko dituzte.
Orain arteko lana
Azken hilabeteetan, Bai Euskarari Elkarteak eta Lekeitioko Udalak hainbat ekimen jarri dituzte martxan. Azaroan, 75 saltokirekin harremanetan jarri ziren eta aurrez aurreko bisitak egin zituzten. Guztira, 62 establezimenduk Bai Euskarari ziurtagiria lortzeko pausoa ematea erabaki dute, hasierako helburua 30koa bazen ere.
Hurrengo urratsak
Datozen bi hilabeteetan, otsaila eta martxoa bitartean, Bai Euskarari ziurtagiriaren ebaluazioak egingo dira Lekeition. Horien bidez, establezimendu bakoitzari dagokion ziurtagiri-maila erabakiko da, eta entitateei laguntza eskainiko zaie beren hizkuntza-beharrak asetzeko.
Bai Euskarari Elkarteak ziurtagiria eskuratzeko bere metodologia, irizpide eta tresnak aplikatuko ditu, prozesua ahalik eta eraginkorrena izan dadin. Horrez gain, Lekeitioko Udalak bere Plan Estrategikoa berritu du, eta bertan etorkinei euskara klaseak eskaintzeko konpromisoa hartu du, herrian euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko helburuarekin.
Ekimen honek Lekeitioko merkataritza eta ostalaritza euskararen sustapenean inplikatzea bilatzen du, herriko nortasuna indartuz eta hizkuntza-paisaia aberastuz.