

Lekeitiok 700 urte betetzen ditu aurten, eta Udalak aukera hau aprobetxatu nahi du aurrera begirako erronkak elkarrekin identifikatu eta herriaren norabide partekatu bat osatzeko. Herritarren iritzia jaso nahi da, zelako herria garen, non gauden, eta norantz joan nahi dugun denon artean pentsatzeko.
Horretarako, parte-hartze prozesu bat martxan jarri da, ‘IXAN‘ Elhuyarrek lagunduta. Lekeitioko herritar askoren ekarpenak jaso nahi dira, eta horretarako, edonork bete dezakeen galdetegi bat prestatu da. Galdetegiaren helburua da herritarren ardurak, beharrak eta erronkak identifikatzea.
Galdetegiak bi galdera ditu:
-
Lekeitioren etorkizuneko erronka nagusiak zeintzuk izan daitezkeen identifikatzea.
-
Gaur egun Lekeitio zer den kontuan hartuta, zer mantendu edo zaindu nahi den jakitea.
Galdetegia herri osoari zabalik egongo da, baina sektore jakin batzuk azpimarratuko dira: haurrak eta gazteak, emakumeak, etorkinak, euskara ikasten ari direnak eta nagusiak, besteak beste. Online bete beharko da, eta azken eguna maiatzaren 30a izango da.
Prozesuaren norabidea kontraste mahai batean zehaztuko da, udazkenarekin batera bi batzar parte-hartzaile izango dira, herritarrek galdetegietan emandako informazioa oinarri hartuta. Mahai honen helburua izango da edukiak definitzea eta herritarren ekarpenak kontuan hartzea.
XXI. mendeko erronkak garrantzitsuak dira, munduarentzat eta Lekeitiorentzat bereziki. Horregatik, momentu aproposa da herritarrok elkarrekin gure herriaren norabidea pentsatzeko. Egin dezagun denok batera eta ixan gaitzazuen!