

Bai Euskarari Elkarteak eta Lekeitioko Udalak 2023ko azaroan jarri zuten martxan Bai Euskarari ziurtagiriaren inguruko lanketa bateratua. Hasierako erronka 30 establezimendu euskalduntzea bazen ere, azken emaitza bikoitza izan da: 62 saltokik erabaki dute ziurtagiria lortzea.
Horretarako, 75 establezimendurekin jarri ziren harremanetan eta aurrez aurreko bisitak egin zituzten. Proiektuaren helburu nagusiak izan dira euskararen erabilera indartzea eta Lekeitioko hizkuntza-paisaia hobetzea, herriko nortasunari eutsiz eta turismoarekin uztartuz.
Euskararen erabileraren diagnosia eta erronkak
Egun, euskararen erabilera %69koa da Lekeition, azken urteetan beherakada arina izan badu ere. Egoera bereziki kezkagarria da 45 urtetik gorakoen artean, non erabilera %57ra jaisten den. Testuinguru honetan, Udalak diagnostiko zehatzagoa egin nahi du herriko komertzio eta tabernen artean.
Horrez gain, Plan Estrategikoa berritzeko eta etorkinei euskara klaseak eskaintzeko konpromisoa hartu du Udalak, herrian euskararen ezagutza eta erabilera sustatze aldera.
Ziurtagiriaren ebaluazioak eta hurrengo pausoak
Martxotik apirilera bitartean, ziurtagiri-mailak ezartzeko ebaluazioak egin dira establezimenduetan. Orain, maila bakoitzaren araberako laguntza eta aholkularitza eskainiko zaie, euren hizkuntza-beharrak hobetu ditzaten.
Zorionak Lekeitioko 62 establezimendu euskaldunei eta bidea egiten lagundu duten guztiei!