

Ekainaren 2an argitaratu da behin-behineko onarpena Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Ondarroako Udalak aurrera egin du ostalaritzako terrazak arautuko dituen ordenantzarekin, eta testu berrian 11 herritarrek eta eragile batek aurkeztutako alegazioetatik zenbait onartu ditu.
Azken fasean egindako alegazio batzuk onartu dira
Irina Alkorta Bedialauneta jarduneko alkatearen arabera, «zehaztutako epe barruan hainbat alegazio aurkeztu dira, eta, horiek aztertuta, 2025eko maiatzaren 29ko osoko bilkuran horietako batzuk onartu dira, dagozkion zuzenketak jatorrizko testuan txertatuz». Ondorioz, 7., 16., 19., 20. artikuluak eta lehen xedapen iragankorra aldatu dira.
Jendaurreko epea: ekainaren 17ra arte
Ordenantza 15 egun naturaleko epean jarriko da jendaurrean, ekainaren 17ra arte. Epe horretan, herritarrek testuaren aldaketen inguruko alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte, ez testu osoari buruzkoak. Alegaziorik aurkeztu ezean, testua behin betiko onartuko da.
Ordenantza berriak jasotzen dituen puntu nagusiak
-
Aniztasun funtzionala duten pertsonentzako irisgarritasuna bermatuko da terrazak ezartzerakoan.
-
Ez da baimenduko terrazako elementuak, altzariak edo edari-kutxak establezimendutik kanpo pilatzea. Salbuespenetan, kateatuta eta udalak esleitutako lekuan utzi ahal izango dira.
-
Soinu- edo ikus-entzunezko ekipoen erabilera orokorrean debekatua egongo da. Salbuespen gisa, gehienez 3 emanaldi baimenduko dira urtero, 23:00ak arte eta Zapato Azulean edo ordutegi luzatuak baimentzen dituzten egunetan.
-
Terrazaren titularrek espazioa garbi mantendu beharko dute, baita eraginpeko espazio erantsiak ere.
-
Interes orokorreko jarduerak egiteko, terrazaren osagai guztiak kendu beharko dira.
-
08:00ak baino lehen ezin da terrazarik muntatu, eta udal-langileek mugatuko dute baimendutako azalera.
-
Ez da egitura egonkor berririk baimenduko.
-
Elementu higigarriak ezin izango dira jarri jarduera hasi aurretik.
-
Ez da baimenik emango espaloietan, oinezkoen pasabideetan, larrialdi-irteeren aurrean edo mugikortasun murriztua dutenen pasabideak oztopatuko dituzten tokietan.