

Bermeoko Udalak aurten be antolatu dau Eingule? lehiaketa, herriko hizkerea eta identitatea sustatzeko helburuagaz. Ekimenak Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak girotuko dauz, eta gaur iluntzean herritarrak parte hartzera gonbidatu ditu.
Gaur, 21:00etan txosnaguneko lehiaketa
Txosna batzordeagaz batera, lehiaketa gaur, irailaren 6an (zapatua), egingo da 21:00etan, txosnagunean. Parte hartzaileek 24 galdera erraz erantzun beharko dabez mugikorraren bidez, Asmazank formatuan.
Lehiaketearen helburua da Bermeoko hizkerea balioan jartea eta egunerokoan duen garrantziaz jabetzea. Parte hartzea edonori zabalik dago: banaka, bikoteka edo taldeka.
Sari erakargarriak
Puntuazio handiena lortzen daben lehen hiru parte hartzaileek sariak jasoko dabez:
-
150 euro herriko dendetan gastatzeko txartela
-
100 euroko txartela
-
60 euroko txartela
Erantzuteko azkartasuna eta zehaztasuna kontuan hartuko dira puntuazioa zehazteko.
Bideoak eta euskarazko esaerak
Aurten be herritarrak berbetan jarten jarraitu da, eta bost bideo zabaldu dira Udalaren sare sozialetan. Bideo horreetan erabilitako berba errazak zabaltzea da helburua, herritarren artean hizkerea bizirik mantentzeko.
Horrez gain, gaurko lehiaketan Bermeoko esaerak gogoratzeko pegatinak banatuko dira, euskararen erabilerea sustatzeko.
Gazteen parte-hartzea bultzatu da
Iker Bilbao San Nikolas, Bermeoko Euskara zinegotziak, herritarrak animatu ditu: “Gure hizkera eta nortasuna balioan jarri nahi izan doguz. Hizkerak berak gure nortasuna definitzen dau, eta gurea berreskuratu eta indartu nahi dogu. Aurten be, gazteen parte hartzea bultzatu gura izan dogu, baina edonork parte hartu leikie. Ahalik eta jende gehien bertaratzea espero dogu. Animatu txosnagunera etortzen, euskaragaz ondo pasatzeko aukera izango dozue jaien atarian”.