

Beste urte batez, Bermeoko Udalaren Euskara Sailak, herriko euskaltegiekin elkarlanean, Berbalagun egitasmoa martxan jarri du. Iker Bilbao San Nicolas, Euskara zinegotziak, gogorarazi du egitasmoak lagunartean euskaraz berba egiteko eta praktikatzeko aukerak eskaintzen dituela, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo.
“Parte-hartzaileek lagunartean euskaraz eginez hizkuntza bizia eta adierazkorra lantzen dute, eta egunerokotasunean erraztasuna hartzen dute euskara erabiltzeko”, azaldu du zinegotziak.
‘Euskara ZU zara’, komunitatearen indarra
Berbalaguneko dinamizatzaile Marimar Hernandezek adierazi du aurten ere iazko leloarekin jarraituko dutela: Euskara ZU zara. Horren bidez, norbanakoek euskaldunon komunitatea osatzeko duten garrantzia azpimarratu nahi dute. “Egunero hizkuntzan trebatzen garen eta euskaraz bizi garen guztiok euskaldunon sarea osatzen dugu; eta horren aldeko jarrera aktiboa dugunean, euskara gara denok”, azaldu du.
Mintzapraktika-programetan ez dago “ez zahar ez berri, ez hango ez hemengo”, gogorarazi du Hernandezek. Helburua da “euskaraz gustura eta lasai aritzea, euskaldunon familia indartzen eta zabaltzen”. Ideia hori islatu dute aurtengo kanpainako bideoan, non egitasmoaren espiritua erakusten den.
Asteroko taldeak eta jarduera bereziak
Bermeon hiru Berbalagun talde daude martxan:
Martitzenetan, 12:30etik 13:30era eta 18:30etik 19:30era, Lameran.
Barikuetan, 17:00etatik 18:00etara, Lameran.
Taldeak astean behin elkartzen dira, kalean euskaraz bizitzeko. Parte-hartzaileek euren ordutegien, adinen eta zaletasunen arabera osatzen dituzte taldeak, “betiere, lagun giroan”.
Halaber, zaletasunen araberako taldeak ere sortu dira: mendira edo inguruetatik oinez joateko taldea (lehena urriaren 25ean) eta dantza errazak praktikatzeko taldea, eguaztenetan, 18:30ean, Gizarte eta Kultura Etxean.
Gainera, ikastetxeetan esfortzu berezia egingo da familiek eta udalerriko elkarteek parte hartzeko.
Gurasolagun eta lehiaketak
Familian euskaraz aritzeko ohitura sustatzeko, Gurasolagun ekintzak antolatu dira. Udazkenean, Tertanga etxean (Amurrio), gurasolagunentzako asteburu pasa bi egingo dira: urriaren 18-19an eta azaroaren 8-9an.
Bestalde, Berbalagun lehiaketak abian jarri dira berriro: abenduan, martxoan eta ekainean egingo dira. “Orain arte ehunka lagunek parte hartu dute, eta oso eskertuta gaude hain harrera onarekin”, esan du Hernandezek.
Horrez gain, irteerak, hitzaldiak eta tailerrak antolatuko dira, eta herritarren proposamenak zabalik daude.
Parte-hartze irekia eta doakoa
Egitasmoan parte hartzea erabat doakoa da, eta kideek deskonto eta saritxoak jaso ditzakete. Izena eman daiteke emanizena.praktikatu.eus
webgunean edo 607 609 580 zenbakira idatzita. Informazio gehiago: praktikatu.eus/blog/bermeo
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak nabarmendu du Berbalagun egitasmoan parte hartzeko behar bakarra dela “euskaraz berba egiteko gogoa”. “Euskara ikasten ari direnentzat zein euskaraz normaltasunez hitz egiten dutenentzat ere zuzenduta dago. Bermeon euskaraz bizitzeko aukera ezin hobea da: Euskara norbera da, euskara ZU zara!”.