Bermeok Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatzeko egitarau zabala antolatu du

Gazteentzako irteera bat Bilboko Ilusioen Museora eta Halloween Metal Fest jaialdia, antolatutako jardueren artean
Bermeok Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatzeko egitarau zabala antolatu du
Banner de Obramat en Bilbao

Bermeoko Udalak Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatzeko egitarau zabala antolatu du aurten, herriko ohiturak eta kultura sustatzeko asmoz. Jarduerak Liburutegian eta Frantziskotarren klaustroan egingo dira: lehenengoan, tailer eta ihes gela tematikoak eskainiko dira; bigarrenean, Ohiturak mikroantzerkia ikusteko aukera egongo da, Euskal Herriko ohitura zaharrak ezagutarazteko.

Umeen liburutegia haur eta gazteen topagune bilakatu gura dau, eta urriaren 27tik 31ra misterioz eta kolorez jantziko da. Urriaren 31rako, hau da, Gau Beltzerako, bi jarduera berezi prestatu dira:

  • Mozorro tailerra: 9 eta 16 urte bitarteko gazteek beldurrezko makillajeak egiten eta erabiltzen ikasiko dabe.
  • Ihes Gela: taldeka egiteko esperientzia ludiko bat izango da, lau saio ezberdinekin.
  • Arratsaldean, “Ziri edo Sari” jarduerak liburutegia beteko dau, umeentzako giro beldurgarri eta gozoz beterik.

Udazken Gaztearen barruan: Bilboko Ilusioen Museora

Beste jarduera nagusietako bat gazteentzako irteera izango da. Azaroaren 2an, 10 eta 14 urte bitarteko gazteek Bilboko Ilusioen Museoa bisitatuko dabe Udazken Gaztea programaren barruan.

Bisitan zehar, maskara tailerrak, laborategi misteriotsuak, photocallak eta jokoak egingo dira, eta parte-hartzaile bakoitzak poltsa berezia jasoko dau oroigarri modura.

Izen-ematea GIZen dago zabalik (688 819 950 WhatsApp – 94 617 91 58 – giz@bermeo.eus
), plaza kopurua bete arte. Bermeon erroldatutakoek lehentasuna izango dabe.

Ohiturak mikroantzerkia: Arimen Gaueko sustraiak ezagutzeko

Urriaren 31n eta azaroaren 1ean, 18:00etatik 21:30era, Frantziskotarren klaustroan eskainiko da Ohiturak mikroantzerkia, Maria Dondiz Luzarragaren zuzendaritzapean eta Zigor Bilbao, Itxass, Triz, Iñigo Cano eta Agor Guena aktoreekin.

Ikuskizunak Bermeoko Arimen Gaua eta haren ohitura zaharrak erakutsiko dauz: kalabazak hustu eta kandela jarrita, gazteak mozorrotuta ibiltzen ziran arimek ez eroateko. Horrela, mikroantzerkiak gure kultura eta historia gogora ekarriko dauz, beldurra eta dibertsioa uztartuz.

Halloween Metal Fest: musika gogorraren gaua

Azkenik, Spookypheria Productions elkarteak antolatuko dau Halloween Metal Fest jaialdia azaroaren 8an, Bermeoko Kafe Antzokian. Parte hartuko dabe Vita Imana, Killus, Kruddö eta Kudai taldeek.

Ateak 20:00etan zabalduko dira, eta sarrerak aurrez 18 euroan edo egunean bertan 20 euroan eskuratu ahal izango dira www.bermeokokafeantzokia.com/tiketak
webgunean, edo Bermeoko Luman eta Bilboko Gothic-Zone dendetan.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *