Bermeoko Udalak hondakinen kudeaketa tasa berria aho batez onartu du

Lege honek ezartzen du udalek tasa espezifiko, bereizi eta ez-defizitarioa izan behar dutela
Bermeoko Udalak hondakinen kudeaketa tasa berria aho batez onartu du
Banner de Obramat en Bilbao

Bermeoko Udalak udal hondakinen kudeaketa tasa berria aho batez onartu du osoko bilkuran, 7/2022 Legea betez. Lege honek ezartzen du udalek tasa espezifiko, bereizi eta ez-defizitarioa izan behar dutela, hondakinen bilketa, garraioa, tratamendua eta kudeaketa osoaren kostuak estaltzeko. Horrenbestez, tasa berria onartu da EH Bildu, Guzan eta EAJren aldeko botoekin.

Nadia Nemeh Shomaly alkateak adierazi duenez, “ez dugu tasa hau igo gura izan, baina legea bete behar dugu eta kostuak modu bidezkoagoan banatu”. Alkatearen hitzetan, neurri hau “herritarrak zainduz eta merkataritza babestuz” hartu da, eta etorkizunera begira “tasa objektiboago eta sozialki orekatuago bat” ezarri nahi dute.

‘Sortzen duenak ordaintzen du’ printzipioa

Legearen arabera, erabiltzaile bakoitzak sortzen dituen hondakinen arabera ordaindu behar du. Horregatik, Bermeok eredu berri baterantz lehen urratsa eman du, bi kuotatan banatutako tasa berria ezarriz: kuota finkoa, erabiltzaile guztientzat berdina; eta kuota bereizia, hondakinen sorrerari eta ahalmen ekonomikoari lotutako irizpide objektiboetan oinarritua.

Etxebizitzen kasuan, tasa bizi diren pertsonen kopuruaren arabera zehaztu da, eta hiruhileko ordainketa 50,84 eta 58,36 euro bitartekoa izango da. Zerbitzuetan, jardueraren izaera eta establezimenduaren azalera hartu dira kontuan.

Epigrafe berriak eta datu bilketa zehatza

Udalak epigrafe berri bat sortu du trasteleku eta lokal hutsetarako, jarduerarik ez dutelako eta aurreko irizpideetara egokitzen ez direlako. Dena den, industrietan eta beste kategoria batzuetan kuota bereizia ezin izan da oraindik ezarri, datu zehatzik ez dagoelako. Horregatik, kasu horietan kuota finkoak soilik aplikatu dira.

Halaber, lan-mahai bat eratu da tasaren garapena eta datu bilketa zehazteko, “sortzen duenak ordaintzea” printzipioa modu eraginkorrean ezartzeko.

Prozesu konplexua baina beharrezkoa

Nemeh alkateak azaldu du prozesua “oso konplexua” izan dela, baina ezinbestekoa dela: “Hau lehenengo pauso bat baino ez da; etorkizunean beste hainbat eman beharko ditugu, bakoitzak sortzen duenaren arabera ordaintzeko”. Horrez gain, gogorarazi du legeak 2025eko apirilerako ezarrita zuela betebeharra, eta helburua dela zerbitzuaren kostuak modu jasangarrian banatzea eta ekonomia zirkularrarekin bat egitea.

Alkateak nabarmendu du autonomo eta enpresa txikien egoera kontuan hartu dutela, inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin, eta hobari guztiak mantendu direla. Etorkizunean, legeak ematen dituen aukera berriak aztertuko dira, hobari berriak gehitzeko asmoz.

Ibilgailuen gaineko zergaren igoera

Gaurko bilkuran, trakzio mekanikodun ibilgailuen zergaren ordenantza fiskala ere aldatu da. Zerga hori %11 igo da, azken eguneraketa 2021ean egin baitzen eta KPIaren igoera ordutik %20tik gorakoa izan delako. Udalaren arabera, igoera hau “neurrizkoa eta beharrezkoa” da udal zerbitzuen jasangarritasuna bermatzeko. Aldaketa hau EH Bildu eta Guzanen aldeko botoekin onartu da, eta EAJk aurka bozkatu du.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *