Gabonen atariko urteroko hitzordua da Egia-Iriondo memoriala. Aurten, abenduaren 13an (zapatua) lehiatuko da Berriatuatik Ondarroako Alde Zaharrera egiten den lasterketa. Ondarroako Udalak antolatu du aurten ere lasterketa, Ondarroako Atletismo Taldearen laguntzarekin. Jose Mari Aranbarri Egiak eta Martin Iriondok 1983. urtean eginiko apustua du oinarri.
Lasterketa nagusia 12:00etan hasiko den arren, umeek aurretik izango dituzte euren hitzorduak:
11:15ean: HH, LH1 eta LH2ko ikasleak. Zeledoniotik Alde Zaharrera, 300 metro.
11:20ean: LH3 eta LH4ko ikasleak. Zeledoniotik Alde Zaharrera, 300 metro.
11:30ean: LH5 ETA LH6ko ikasleak. Zaldupeko zubitik Alde Zaharrera, 500 metro.
*Ume guztiek jasoko dute saria lasterketa amaitutakoan.
Lasterketa nagusia 12:00etan hasiko da Berriatuan eta bertara joateko autobusak egongo dira, 11:20ean eta 11:40ean Astilleruko geltokitik.
Izen ematea doakoa izango da, baina parte hartu nahi duten guztiek egin behar dute, dortsala jasotzeko. Turismo Bulegoan apuntatu behar da, abenduaren 9, 10, 11 eta 12an, 10:00etatik 13:00era eta 15:00etatik 17:00etara.
Lasterketa amaitu ostean sari banaketa egingo da Kofradia Zaharraren parean egongo den podiumean. Lasterketa nagusiko irabazleek txapela eta garaikurra jasoko dute. Saria jasoko dute baita ere sailkapen orokorreko lehen hiru mutil zein neskek, gazte mailakoek (12tik 16 urtera) eta master edo beteranoek (40 urte edo gehiagokoek).
Ibon Bergara Etxearte kirol zinegotziak azpimarratu du urtetik urtera gero eta korrikalari gehiago hartzen dituen lasterketa herrikoia dela eta hori oso aberasgarria dela: “Egia-Iriondok denetarako aukera ematen du: lehiatzeko, lagun artean korrika egiteko, erronketarako… eta batez ere adin desberdinetako herritarrek kirola elkarrekin egiteko, herritarrek sortutako ekimen batean… galdu ezin dugun altxorra da hori. Batzuk irabaztera joango dira, beste batzuk iazko denbora hobetzera, beste batzuk korrika egitera besterik gabe, beste batzuk erronka pertsonalei aurre egitera… baina guztiok joaten gara ondo pasatzera. Gabonei ekiteko ekimen oso polita izaten da”.
Ondarroako Udalaren izenean lasterketa antolatzen laguntzen duten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete kirol sailetik: “Eskerrak Egia eta Iriondoren senideei, atletismo taldeari, Turismo Bulegoari, Udal Brigadari, Udaltzainei, Arnasa elkarteari, Alai tabernari, Eladino Gonzalez medikuari, Trafiko Zuzendaritzari eta Lea Artibai eta Mutrikuko Hitza egunkariari”.
2024ko Egia-Iriondo lasterketako podiuma:
MUTILAK:
1. IBON BADIOLA
2. JULEN ETXEBARRIA
3. IKER ORMAETXEA
NESKAK:
IOANA OSA
NAHIA IBARZABAL
NAIA USKOLA