Bermeoko Udalak aho batez onartu du Osoko Bilkuran, 6 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeen gizarte ongizatea sustatzeko estimulazio eta esku-hartze goiztiarren tratamenduen gastuak ordaintzeko dirulaguntzen oinarriak 18 urtera arte zabaltzea.
Gizarte Ongizateko zinegotzi Endika Etxebarria Telleriak osoko bilkuran aipatu duenez, nerabezaroa pertsonen garapen fisiko, emozional eta sozialeko funtsezko etapa bat da: “Urte hauetan, gazteek aldaketa sakonak bizi izaten dituzte, eta horiek eragin zuzena izaten dute haien identitatean, autoestimuan eta ingurunearekiko harremanetan. Horregatik, helduarorako trantsizio aro honetan ere, laguntza terapeutikoa ezinbestekoa da, bereziki desgaitasun fisiko edo mentalen bat duten edo mendekotasun-egoeran dauden adingabeentzat”.
Etxebarriak gogorarazi du, behar izatekotan, 0 eta 6 urte bitarteko haurrek arreta goiztiarreko laguntzak jasotzen dituztela, eta, orain arte, Bermeoko Udalak 6 eta 14 urte bitartean dituzten umeen familiak laguntzeko dirulaguntzak bideratzen zituela. 18 urtetik gorako pertsonek, berriz, beste laguntza batzuk eskatzeko aukera izaten dute. Aldiz, 14 eta 18 urte bitarteko gazteen familientzako laguntzarik ez dagoela aipatu du: “Gaur egungo osasun-sistema gainkargatuta dagoenez, familiek bere gain hartu behar izaten dituzte terapia pribatuen kostuak, eta horrek ahalegin handia suposatzen du dagoeneko gainezka dauden familientzat”.
Laguntza ekonomikoa
Hortaz, dirulaguntzen oinarrien aldaketa honekin, laguntza ekonomikoa 18 urtera arte luzatuko da, nerabezaroaren etapa osoan sostengua bermatuz eta osasun-sistemaren gainkarga arintzen lagunduz. Udalak Amatea Elkartearekin egindako bileretan jasotako gomendioak kontuan hartu ditu, eta nabarmendu du terapia jasotzeak gazteen garapen integrala sustatzen duela, eta, baita ere, helduaroan sor daitezkeen arazo konplexuagoak prebenitzeko balioko duela, hala nola, nahasmendu emozionalak, aisialdi arazoak edo gizartean txertatzeko zailtasunak.
Gizarte Ongizateko zinegotziak, gainera, udal gobernuaren kezka ere aipatu du: “Aspaldion, denon ahotan dabil osasuna eta ongizate mentala, baina gure eskualdean dauden zerbitzu publikoak urriak dira. Jakin badakigu, adin txikikoen kasuan, Galdakaoko Haurren Psikiatriako Gunean dagoela eskualde honi dagokion terapia publikoa emateko zentro hurbilena. Udaletik, guraso elkarteekin batera, egoera honi aurre egiteko politikak lantzen gabiltza, eta hortik dator dirulaguntza hauen oinarri aldaketa ere. Gure kezken berri eman asmoz, ekainean Osasun Sailarekin bilera eskatu genuen, eurekin batera egoera landu ahal izateko, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso”.
Udalak adierazi du, herritarren ongizatea bermatzeko politikak, ekimenak eta programak lantzeko apustua egiten jarraituko duela, “gizarte osasuntsuago eta justuago baten bidean, eta herritar guztiek baliabide berdinak izan ditzaten”.