Bermeok urteko lehenengo seihilekoan izan den indarkeria matxistaren datuak argitaratu ditu

Datorren martitzena, azaroaren 25a, Emakumeenganako Indarkeria Matxisten Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta ekimenak antolatu dituzte
Bermeok urteko lehenengo seihilekoan izan den indarkeria matxistaren datuak argitaratu ditu
Banner de Obramat en Bilbao

Emakumeenganako Indarkeria Matxisten Aurkako Nazioarteko Egunaren atarian, Bermeoko Udalak 2025. urteko lehenengo sei hilabeteko indarkeria matxistaren datuak argitaratu ditu. Datuok Bermeoko Udalak eta Bizkaiko Indarkeria Matxistaren Behatokiak jasotako datuetan oinarritzen dira, eta azken urteetako goranzko joerarekin jarraitzen dute.

2025eko lehenengo sei hilabeteko datuei erreparatuta, Bermeoko Gizarte Zerbitzuek 18 emakume artatu dituzte (2024an 26 izan ziren), 47 izan dira Ertzaintzaren aktuazioak (2024an 54 izan ziren), eta Osakidetzan, hau da, ospitalean eta lehen arretan artatutako emakumeak 18 izan dira (2024an 18 izan ziren). Azkenik, 2025eko urtarrila eta ekaina bitartean, 7 emakumek erabili dute Bermeoko Udaleko aholkularitza juridikoa (2024an 13).

Goranzko joera

Datuen goranzko joera horren arrazoiak desberdinak izan daitezkeela adierazi du Arantza Ormaza Tarantino Berdintasun zinegotziak: “Alde batetik, mugimendu feministak eta erakundeek egindako urteetako lanarenondorioz, emakumeek indarkeria egoerak detektatzeko eta neurriak hartzeko tresnak eskuratu izana adierazi dezake. Arrazoibide nagusiak izan daitezke, halaber, detekzio goiztiarraren hobekuntza, laguntza bide berrien ezagutza handiagoa, sentsibilizazio sozial handiagoa, pandemiaren osteko errealitate soziala eta arreta-sarea sendotzea. Bestetik, indarkeria matxistaren gorakada adierazi dezake baita ere”.

Lehen mailako arazo soziala

Bermeoko Udaletik gogorarazi gura da indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria ez ezik, lehen mailako arazo soziala ere badela: “Indarkeria matxista, hori jasaten eta aurre egin behar izaten dioten emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako erasoa da. Indarkeria matxista kasuak ez dira gertaera isolatuak, sistema patriarkal sendo baten ondorio dira. Balio eta jokabide jakin batzuen babesean sortzen dira, hain zuzen ere, sexu-generoa sistemaren egiturazko desparekotasunetan dute jatorria; izan ere, sistema horrek gizarte bitar eta patriarkalari eusten dio, botere-harreman sakonek markatua, eta maskulinoa eta heterosexuala indarkeriaz nagusitzen dira egunerokoan, bizitzaren esparru eta alderdi guztietan”. Hartara, Bermeoko Udaletik argi eta garbi utzi gura da, “erabat gaitzesten dugula edozein indarkeria matxista mota, bizitza aske, seguru eta burujabeak eraikitzearen alde gaudelako”.

Erantzun instituzionala

Bermeoko Udalak indarkeria matxistaren aurkako erantzun instituzional sendoa mantentzen du: arreta juridiko eta sozial egonkorrak eta koordinazio egokia erakusten ditu. Udalak herritar guztien berdintasun osoa ahalbidetuko duten politika feministak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du, besteren artean, honakoak: Puntu seguruen sare komunitarioa zabaldu, sentsibilizazio, prebentzio eta formazio lanekin jarraitu adin eta arlo guztietako herritarrekin… 2026rako, gainera, aurreikusita dago udal eraikinetan indarkeria matxista kasuak detektatzean jarduteko protokoloa egitea.

“Bide onetik”

Indarkeria matxistaren datuek goranzko joeran jarraitzen badute ere, “bide onetik” goazela uste du Berdintasuneko zinegotziak: “Guztion konpromisoak fruituak ematen ditu, eta gero eta gehiago dira laguntza baliabideetara gerturatzen diren emakumeak, eta hori zoriontzekoa da”. Zinegotziak, bestalde, baliabide espezializatuetara jo duten guztien konfiantza eskertu du: “Horiei guztiei esan gura diegu ez daudela bakarrik, ez zaiela eurei bakarrik gertatzen, eta egoera edozein izanda ere, ateak zabalik izango dituztela”. Berdintasun zinegotziak Puntu Seguruen Sare komunitarioa osatzeko lanean ari diren udalerriko ostalari eta merkatariak zoriondu ditu, eta euren lanerako prestutasuna eskertu du. Bermeoko Udalak herritar guztiei eskatzen die indarkeria matxistaren aurka buru-belarri jardun daitezela, berdintasunezko Bermeo bat eraiki ahal izateko: “Indarkeria matxistari aurre egitea guztion ardura da”.

Azaroak 25

Datorren martitzenean, azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta Bermeoko Udalak ekitaldi instituzionala antolatu du egun horretarako; 12:00etan izango da Goiko Plazan. Horrez gain, Bermeoko Udalak bat egingo du azaroak 25 arratsaldean Bermeoko Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzearekin; 19:00etan izango da elkarretaratzea Taraskan. Udal arduradunek herritar guztiak deitzen dituzte bai goizeko ekitaldian, bai arratsaldeko elkarretaratzean parte hartzera, “indarkeria matxistari aurre egitea guztion ardura baita”.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *