Lea-Artibai Mankomunitateak eta berau osatzen duten Udalek, ikastetxe eta guraso elkarteekin egon ostean, ekimen berri bat jarri du martxan: Gaztepsik. 14tik 30 urtera arteko gazteei zerbitzu psikologikoa hurbildu, erraztu eta arrazoizko prezioan eskaintzea da asmoa: “gazte bakoitzak 7 saio edukiko ditu psikologoarekin, eta saio bakoitzaren kostua 10 eurokoa izango da”, jakinarazi dute Mankomunitatetik. “Lea-Artibai Mankomunitateko partaide garen udalerriok, era horretara, eskualdeko osasun mentalaren inguruko kezkari erantzun nahi diogu. Horrela, gazteen ongizatea sustatzeko eta behar emozionalei arreta egokia eskaintzeko bidean gure ekarpena egin nahi dugu”, adierazi dute Udaletatik.
“Eskerrak eman nahi dizkiegu Udalei, proiektura atxikitu den Lea Ibarra Mankomunitateari, Burdinola, Eika eta Maier kooperatibei, finantziazioan lagundu digutelako; Osasun saileko Osasuna sustatzeko atalari; eta Psikologokoen Elkargoari, gure inguruko psikologia gabineteen artean proiektuari buruzko informazioa zabaltzen laguntzeagatik”.
- Azpiko formularioa betetzen baduzu, saio horiek jasotzeko interesa duzula adierazten duzu.
- Behin formularioa beteta eta bidalita, Mankomunitatetik mezu elektroniko bat jasoko duzu informazio gehigarriarekin.
- Adin txikikoa bazara (18 urte betetzeko badituzu) gurasoen edo tutorearen baimena behar duzu saio hauetan parte hartzeko.
- Formularioa betetzeko zalantzak badituzu, deitu Mankomunitateko telefono honetara: 946169068, edota mezu bat bidali helbide honetara: ongizate@lea-artibai.org