Lekeitio, emakumeen kontrako indarkeria mota guztien kontra: «Hartu ardura»

Duela gutxi Zarautzen izandako erailketa matxistak beste behin ere agerian utzi du indarkeria matxista lehen mailako arazoa dela gizartean
Lekeitio, emakumeen kontrako indarkeria mota guztien kontra: «Hartu ardura»
Banner de Obramat en Bilbao

Lekeitiok gogorarazten du: «Azaroaren 25a emakumeen kontrako indarkeria mota guztien kontra gaudela esateko eguna da, bizimodu askea, segurua eta burujabea izan nahi dugulako, eta horren alde borrokatuko dugulako».

Duela gutxi Zarautzen izandako erailketa matxistak beste behin ere agerian utzi du indarkeria matxista lehen mailako arazoa dela gizartean, eta lehentasuna izan beharko lukeela aurre egitea. Besarkadarik beroena eta babesa adierazi nahi diegu senideei eta gertukoei.

Datuek halaxe diote: bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar. Sareetako indarkeria kasuak, gainera, etengabe ari dira gora egiten, egoera berrietara moldatu eta forma berriak bilatzen ari baitira, eta hau ere sistema patriarkal sendo baten erakusle da. Egiturazko desparekotasuna dago; izan ere, sistema honek gizarte bitar eta patriarkalari eusten dio, botere-harreman sakonek markatuta, eta maskulinoa, heterosexuala eta zuria ez den guztia ertzetara mugatzen du bortxaz, egunerokotasunean esparru guztietan.

Indarkeria matxistaren adierazpen guztiak ikusarazi behar ditugu, kausak aztertu behar ditugu, eta horiek prebenitzeko eta deuseztatzeko ekintza zehatz eta eraginkorrak abian jarri behar dira, baita horiek justifikatzen edo babesten dituzten egiturak identifikatu ere, eta konplize ez izan. Erasoak salatzea garrantzitsua da, bai, baina horretarako inguru segurua izatea funtsezkoa da, epaituko ez zaituena eta sinetsi egingo dizuna. Arduraren zama emakumeengan jartzen da, baina indarkeria matxistaren ardura ezin zaio inoiz indarkeria jasan duen emakumeari jarri. Gizarte parekideagoa, bizigarriagoa eta askea lortzeko lanean jarraitu behar dugu, eta honetan Mugimendu Feminista daukagu eredu.

Erakundeok, gure partetik, berdintasun politikarako beharrezko giza baliabideak, baliabide teknikoak zein ekonomikoak eman behar ditugu. Lekeitioko Udala indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak handitzen aritzeaz gain, erakunde arteko protokoloaren egokitzapena eta hobekuntza bilatzen ari da, deskoordinazioak eta ardura ez hartzeak emakumeongan jartzen duelako zama guztia. Eta, zalantzarik gabe, prebentzioan eta heziketan lan egiten jarraituko dugu.

Azkenik, testuinguru honetan antolatu diren ekintzetan parte hartzera dei egiten dizuegu, baita mugimendu feministak antolatutako kontzentraziora ere, arratsaldeko 18:30etan Eskolapean.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *