2023ko urrian, Europako Ondare Jardunaldien baitan, Markina-Xemeingo bost Memoria Leku aurkeztu zituen bisita gidatu batean Ahaztuen Oroimena elkarteak. Orain, udalaren eta elkartearen elkarlanari esker, plaka bana jarri da puntu bakoitzean. Herrian izandako bost gertaeren inguruko lekuak identifikatu, dokumentatu eta gizarteratzea da helburua, 1936ko gerra eta bere ondorioz izandako gertaerak memoria kolektiboan txertatu eta ahanzturatik ateratzeko.
Hauexek dira Markina-Xemeingo Memoria Lekuak:
Kartzeletxea izandako eraikina, Arretxinaga etorbidean
Eraikin honek berebiziko esangura izan zuen gerra garaian eta ondorengo frankismoan. Gertaera latz ugariren lekuko izan zen.
Mertzedeko eliza eta Tate Gozotegiaren artean, Abesua kalean
1936ko urriaren 26an, matxinoen hegazkinek Markina eta Xemeingo herri eremuetan burututako bonbardaketako lehergailurik indartsuenetako bat bertan erori zen.
Udaletxe zaharreko dorretxearen sarrera, Erdikokalean
Gerra garaian, bonbardaketak eta aire erasoak eguneroko bilakatu zirenean, agintariek hainbat babesleku prestatu zituzten. Erdikokaleko hau izan zen esanguratsuena, herritarrek pairatu zutenaren lekuko.
Abesua kalea eta Goikoportala arteko kantoia
1937ko otsailaren 7ko goiz-eguerdi inguruan, herritarrak Aratuste ospakizunetan izan behar zirenean, hiriguneak pairatu zuen bonbardaketarik basatiena eman zen. Urkarregi inguruan kokatuta zegoen matxinoen artileriak 106 obus jaurti zituen herri ingurura.
Xemeingo zubiko espaloia
1952ko irailaren 7an, Guardia Zibilen tiroketa batek gerratean gudari aritutako eibartar bat hil zuen bertan.