Ondarroako Udalak gaur iluntzean egindako ez-ohiko udalbatzean 2026ko ordenantza fiskalak hasiera batean onartu ditu. Oro har, udalak eskaintzen dituen zerbitzuen tasak eta ezartzen dituen zergak %3 igo dira, udal-zerbitzuen iraunkortasuna eta kalitatea bermatzeko.
EH Bilduk alde bozkatu du eta EAJ-PNV abstenitu egin da. Jeltzaleek azaldu dute “prozesua azeleratuegia izan dela” eta zabor-tasaren igoerak kezka sortu diela. EH Bilduren izenean hitz egin duen Urtza Alkortak aitortu du presaz joan dela, baina gogorarazi du ogasun batzorde bi egin direla plenora eraman aurretik.
Zabor-tasaren %30eko igoera: Europako araudia bete beharra
Zaborren tasa %30 igo da. Udalak azaldu du Europako direktibek behartzen dutela herritarrek errefusaren bilketa, garraioa, tratamendua eta errausketa osorik ordaintzera, eta ez duela jada gastuaren zati bat bere gain har dezakeen modurik. Eskualdeko udalek ere igoera berbera aplikatu dute, Lea-Artibai Mankomunitatearen baitan zabor-bilketa sistema bateratua dagoelako.
Udalak adibide zehatza eman du: etxe arrunt batek hiruhileko 29 euro ordaintzen zituen orain arte; hemendik aurrera 36,7 euro ordainduko ditu, hots, hilabetean 2,63 euro gehiago.
Kiroldegiko eta Musika Eskolako tasetan igoera handiagoa
Bi tasak igo dira %3tik gora:
- Zaldupe Kiroldegiko bazkidetza: igoera handiagoa izan da, orain arte “inguruko merkeena” izan delako. Udalak adierazi du oraindik ere merkeenetakoa izango dela, eta igoerak galerak murriztea duela helburu.
- Unanue Musika Eskola: 2017tik izoztuta egon diren tasak %10 igo dira, zerbitzuaren kostuak mantendu ahal izateko. Igoera 2026/2027 ikasturtean aplikatuko da.
Etxebizitza turistikoak: zerga negozio modura
Orain arte etxe arrunten modura zergapetuta zeuden etxebizitza turistikoek aurrerantzean ostatu-establezimendu modura ordainduko dute zabor-tasa. Bestaldetik, Turismo Bulegoak eskaintzen dituen herriko bisita gidatuek aurrerantzean 3 euro balioko dute pertsonako. Herriko eskoletako edo herriko taldeetako jarduerak, ordea, ez dira kobratuko.
Hobari berriak: adinekoentzat, irisgarritasunerako eta ibilgailu garbien alde
Udalak hainbat hobari iragarri ditu:
- %90eko hobaria bainera kentzeko eta dutxa jartzeko obretan, etxean 70 urtetik gorako pertsona bat erroldatuta badago.
- %50eko hobaria %65eko aniztasun funtzionala duten herritarrek etxean egiten dituzten irisgarritasun-hobekuntzetan.
- Ibilgailu elektrikoak: %85eko hobaria, eskakizuna eta dokumentazioa aurkeztuta.
- Ibilgailu hibridoak: %75eko hobaria, baldintza berdinekin. Kasu bietan, ibilgailuak 5 urte baino gutxiago izan behar ditu lehen matrikulaziotik.
Hondakinen bilketan egindako inbertsioa eta birziklatzearen garrantzia
Alkateak azpimarratu du udalak 70.000 euroko inbertsioa egin duela hondakinen bilketa-sistema berrian, eta horri esker herritar gehiago birziklatzen badute, hobariak aplikatu ahal izango direla.
“Birziklatze-tasa handitzen ez bada, kostuak are handiagoak izango dira”, adierazi du Urtza Alkorta Arrizabalagak.
Hurrengo urratsa: alegazioak eta udal-aurrekontua
Ordenantza fiskalen hasierako onarpena eman ondoren, hurrengo egunetan alegazioak aurkezteko epea zabalduko da. Ondoren, Udalak 2026ko aurrekontua prestatuko du.