Bermeok ‘Bizitasunez Bizitzen’ programako tailerrak indartu ditu zahartze aktiboaren alde

Gorputza Martxan, Burua Martxan eta psikoestimulazio tailerrak indartuta, zerbitzu bakoitzean talde bat gehiago eskainiko da
Bermeok ‘Bizitasunez Bizitzen’ programako tailerrak indartu ditu zahartze aktiboaren alde

Bermeoko Udaleko Gizarte Ongizaterako Sailak beste urrats sendo bat eman du aurten zahartze aktiboa, ongizatea eta bizi-kalitatea sustatzeko politiketan, Bizitasunez Bizitzen programaren baitan eskaintzen diren Gorputza Martxan, Burua Martxan eta psikoestimulazio tailerrak indartuta. Zerbitzu bakoitzean talde bat gehiago eskainiko da, azken urteotan nabarmen handitu den herritarren eskaerari erantzuteko. Hiru programak otsailaren 2tik aurrera jarriko dira martxan.

Gizarte Ongizaterako zinegotzi Endika Etxebarria Telleriak azaldu duenez, adinekoen ongizatea ez da udal politikaren atal hutsa, baizik eta konpromiso sozial eta instituzional sendo baten adierazpena: “Bermeoko Udalak argi dauka zahartze aktiboa ez dela etorkizuneko erronka bat, orainaldiko ardura bat baizik, eta horregatik indartu ditugu zerbitzu hauek, herritarren eskaerari erantzun eta adinekoen ongizatea bermatzeko”. Ikuspegi horretatik, udal gobernuak zerbitzuak sendotzea erabaki du, herritarren beharrei modu arduratsu, errealista eta iraunkorrean erantzuteko helburuarekin.

Bizitasunez Bizitzen

Taldeak handitu arren, programak hasieratik beteta hasiko dira; hala ere, herritarrei izena ematen jarraitzeko deia egin zaie, urtean zehar bajak sortzen direlako eta itxarote-zerrenden bidez hutsune horiek betetzen direlako. Izena eman gura dutenek Gizarte Ongizaterako Sailean egin beharko dute (Gizarte eta Kultura Etxeko 2. Solairuan; 94 617 91 60).

Bizitasunez Bizitzen programaren barruan eskaintzen diren zerbitzu hauek funtsezko tresnak dira zahartze-prozesua modu aktiboan, autonomoan eta duintasunez bizitzeko. Burua Martxan programaren helburua galera kognitiboa prebenitzea da; Gorputza Martxan programak gaitasun fisikoa eta mugikortasuna zaintzea du xede; eta psikoestimulazio tailerrak, berriz, narriadura kognitiboaren eta dementziaren progresioa moteltzea bilatzen du, pertsonen ahalmenak ahalik eta denbora luzeenean mantentzeko.

Zerbitzuen indartze honek inbertsio ekonomiko garrantzitsua ere badakar. Eusko Jaurlaritzatik jaso den 7.000 euroko dirulaguntzari esker eta udalaren ekarpenarekin, beharrezko baliabideak bermatu dira, zerbitzu hauek egonkortasunez eta kalitatez eskaintzen jarraitzeko. 24.000 eurorekin indartu da zerbitzua, kostu osoa 69.000 eurokoa izanik.

2004tik martxan

Gizarte Ongizaterako Saileko zuzendari Jose Ramon Alberdi Asteinzak gogorarazi du Bermeok ibilbide luzea duela arlo honetan. Izan ere, programa hauek 2004an jarri ziren martxan, eta garai hartan aitzindariak izan ziren bai eskualdean, bai Bizkaia mailan. Harrezkero, ekimenen balioa berretsi dela azpimarratu du zuzendariak: “Urteek berretsi dute programa horiek martxan jartzeko erabakia zuzena izan zela. Programen harrera beti izan da oso ona, eta arrakasta hori ez da kasualitatea: herritarren benetako beharrizanetatik sortutako zerbitzuak direlako. Sare publikoak estaltzen ez dituen hutsuneak betetzen dituzte, eta hori funtsezkoa da bai parte-hartzaileentzat, bai familientzat”. Dioenez, familiek bereziki eskertzen dute, parte-hartzaileen artean hobekuntza fisiko, kognitibo eta emozionalak nabariak direlako.

Gorputza Martxan

Bizitzen Fundazioko psikologo eta Bizitasunez Bizitzen programako koordinatzaile Iraide Artetxek azaldu duenez, aurten Gorputza Martxan programaren inguruan eztabaida piztu da, izena emateko gutxieneko adina 65 urtetik 70era igo delako. Testuinguru horretan, programen bilakaera historikoa gogorarazi du, martxan hasi zenean 55 urtetik gorakoentzat zegoela irekita azalduz: “Adin-irizpideen inguruko eztabaidak ulertzekoak dira, baina garrantzitsuena da lehentasunak ondo finkatzea eta baliabideak gehien behar dituzten pertsonengana bideratzea; hori baita programen zentzua”. Denborarekin bizi-itxaropena handitu dela, bizi-kalitatea hobetu dela eta jarduera fisikoaren kultura indartu dela ere nabarmendu du, eta horrek irizpideak egokitzeko beharra ekarri duela.

Programa

Aipatu du ere, parte-hartzaile askok osasun-profesionalen gomendioz parte hartzen dutela Burua Martxan eta Gorputza Martxan programetan, eta horrek programen balio terapeutikoa indartzen duela.

• Burua Martxan programak 36 pertsona hartuko ditu, hiru taldetan banatuta; parte-hartzaileek ezin dute buruko gaixotasunik eduki, eta astean bi saio egingo dituzte.
• Gorputza Martxan programak 75 pertsona hartuko ditu, bost taldetan banatuta; ezin dute gaixotasun fisiko larririk izan, eta astean ordu beteko bi saio egingo dira.
• Psikoestimulazio tailerrean, 36 pertsona ariko dira, hiru taldetan banatuta; narriadura kognitiboa edo dementzia fase arina duten pertsonei zuzenduta dago, eta astean ordu biko bi saio egingo dira. Programa honetan ez da zozketarik egiten, eta normalean gizarte-langileen deribazio bidez sartzen dira parte-hartzaileak.
1.500 herritar baino gehiago

2004tik gaur arte, hiru programa hauek kontuan hartuta, 1.500 herritar baino gehiagok parte hartu dute: 899 herritarrek Gorputza Martxan programan, 360k Burua Martxan programan, eta 264k psikoestimulazio tailerrean. Parte-hartzeari dagokionez, psikoestimulazio tailerrean emakumeen eta gizonen presentzia orekatua da; beste bi programetan, berriz, emakumeak dira gehiengo nagusia. Hala ere, azken urtean Gorputza Martxan programan bi gizonek parte hartu dute, eta joera hori pixkanaka gorantz doala aurreikusten dute.

Tailer hauez gain, gogorarazi dute Bizitasunez Bizitzen programaren baitan, zaintzaileentzako laguntza psikologikoa ere eskaintzen dela. Zerbitzu horren bidez, antsietatea, depresioa, gainkarga emozionala edo neke psikikoa bezalako egoerei aurre egiteko tresnak eskaintzen dira, bai taldeko saioen bidez, bai banakako arretaren bidez, beharrezkoa denean.

Amaitzeko, Bermeoko udal ordezkariek berriro azpimarratu dute, azken urteotan eskaera eskaintza baino handiagoa izan dela, eta horregatik egin dela zerbitzuak indartzeko ahalegin berezia, itxarote-zerrendei irteera emateko asmoz. Aurrera begira, eskariaren bilakaera aztertzen jarraituko dutela adierazi dute, hausnarketarako tartea hartuz eta etorkizunean eman beharreko pausoak arduraz eta ikuspegi estrategikoz baloratuz, zerbitzua ahalik eta modurik onenean eskaintzen jarraitzeko helburuarekin.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *