Bermeok Gregorio Solabarrietaren figura eta ondarea omentzeko erakusketa hartuko du

Musikari bermeotarrari eskainitako erakusketa otsailaren 1era arte egongo da ikusgai Nestor Basterretxea aretoan
Bermeok Gregorio Solabarrietaren figura eta ondarea omentzeko erakusketa hartuko du

Bermeoko Udalak, Kankinkabara Txistu Taldearekin lankidetzan, Gregorio Solabarrieta musikari bermeotarrari eskainitako erakusketa aurkeztuko du. Ekimen honen helburua da Bermeoko ondare kulturala eta identitatea balioan jartzea, udalerriaren nortasuna indartuz eta bere protagonista nabarmenen lana erakutsiz.

Kankinkabara Txistu Taldeak hainbat musikari bermeotarrek utzitako ondare kulturala bildu eta nabarmentzeko lana egiten du, eta oraingo honetan, jatorrian Miranda de Ebron aurkeztutako erakusketa Bermeora ekarri du, Solabarrietaren figura eta ekarpena herrira itzuliz. Erakusketa hau, Gregorio Solabarrietaren loba Txutxi Solabarrietak antolatuta dago. Erakusketa otsailaren 1era arte egongo da ikusgai Nestor Basterretxea aretoan, 19:00etatik 21:00etara.

Gregorio Solabarrieta, musika-ibilbide oparoa

Gregorio Solabarrietak sei urte zituela hasi zituen musika-ikasketak Santa Eufemia elizako koruan, Enrique Larrea organista eta maisuaren zuzendaritzapean. Bederatzi urterekin flautina jotzen hasi zen, eta handik gutxira klarinetea Bermeoko Udal Musika Bandan. 1913 eta 1916 bitartean Jose Antonio Erauzkin bermeotarraren piano-ikaslea izan zen. 16 urte besterik ez zituela Bilbora joan zen bizitzera, eta Bizkaiko Musika Akademian (egungo Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioa) sartu zen, Jesus Guridiren organo-ikasle gisa. Ikasketak amaitu ondoren, 20 urte zituela, Arrasateko Udal Musika Bandako zuzendari izendatu zuten. 1928an Miranda de Ebroko Udal Musika Bandaren zuzendaritza hartu zuen, eta bertan garatu zuen bere ibilbide musikalaren zatirik handiena, arrasto kultural sakona utziz. Bere gidaritzapean sortu zituen, besteak beste, Deportivo Mirandes futbol taldearen biribilketa eta A orillas del Ebro jota ezaguna, hiriko musika eta kultura sustatzen lagunduz.

Bere lanik ospetsuena Kresaletan zarzuela da, Txomin Agirreren Kresala ohitura-eleberrian oinarritua eta Augustin Zubikarai idazle ondarrutarrak egokitua. Lan hau Solabarrietak berak zuzendu zuen Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera Ondarroako Alameda Antzokian, Bilboko Arriaga Antzokian eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. 1965ean erretiroa hartu zuenean, Miranda de Ebroko Orfeoiak eta Udal Musika Bandak omenaldi hunkigarria eskaini zioten, eta Udalak Hiriaren Zilarrezko Domina eman zion. Hil ondoren ere, bere oroimenak bizirik dirau Miranda de Ebron: kale batek bere izena darama, eta Gregorio Solabarrieta Ganbera Orkestra Gazteak bere ondare musikala omentzen jarraitzen du.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *