Bermeoko Aratuste martitzeneko Tabernen Mozorro Txapelketan izena emateko epea zabalik dago

Txapelketan parte hartu nahi duten tabernek otsailaren 13ko 12:00ak arte izango dute izena emateko aukera
Bermeoko Aratuste martitzeneko Tabernen Mozorro Txapelketan izena emateko epea zabalik dago

Bermeoko Udalak Tabernen Mozorro Txapelketa antolatu du Aratuste martitzenerako, otsailaren 17rako, Aratusteen testuinguruan eta herriko ostalaritzaren parte-hartze aktiboa sustatzeko helburuarekin.

Txapelketa honen bidez, Bermeoko tabernen inplikazioa indartu nahi da, establezimenduen apainduraren eta tabernarien mozorroen bitartez jai giroa sendotuz eta herrigunea modu sortzailean girotuz. Iaz 14 tabernek parte hartu zuten, eta datu horrek ekimenaren sendotasuna ez ezik, ostalaritzaren aldetik izan duen harrera positiboa ere agerian uzten du.

Txapelketan parte hartu nahi duten tabernek otsailaren 13ra arte izango dute izena emateko aukera, eguerdiko 12:00ak arte. Izen-ematea Kultura eta Hezkuntza Sailaren bulegoan egin beharko da, telefonoz (94 617 91 57) edo posta elektronikoz (kultura@bermeo.eus). Izena emateko epea amaitzen denean, udalaren sare sozialen bidez jakinaraziko da parte-hartzaileen zerrenda.

Txapelketan parte hartzeko baldintza gisa, tabernek behar bezala apainduta egon beharko dute, eta tabernariek aukeratutako gaiarekin bat datorren mozorroa jantzita, otsailaren 17an, goizeko 11:00etatik aurrera. Era berean, izena eman duten tabernek parte-hartzailearen kartela jasoko dute, establezimenduan ikusgai jartzeko.

Taberna irabazleen aukeraketa Jai Batzordeko ordezkariek osatutako epaimahaiaren esku egongo da. Epaimahaia Aratuste martitzenean goizean zehar ibiliko da tabernak bisitatzen, eta honako irizpide hauek kontuan hartuko ditu: apainketaren originaltasuna, erabilitako materialen jasangarritasuna, mozorroaren eta apainduraren arteko koherentzia, eta euskararen erabilera.

Epaimahaiak hiru sari banatuko ditu:
• 1. saria: 200 €-ko balioko otzara
• 2. saria: 150 €-ko balioko otzara
• 3. saria: 100 €-ko balioko otzara

Epaimahaiaren erabakia eguerdian bertan jakinaraziko da, eta taberna irabazleen izenak udalaren webgunean zein sare sozialetan argitaratuko dira.

Bermeoko Udalak herriko taberna guztiak animatu nahi ditu ekimen honetan parte hartzera, aurreko edizioetako parte-hartzeak erakutsi duen moduan, Aratusteen ospakizuna aberastu eta Bermeoko jai giroa indartzen laguntzeko. Tabernen ekarpena funtsezkoa da herriko jai-egutegian Aratusteek duten garrantzia bizirik mantentzeko.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *