Bermeoko Udalak 2027an indarrean sartuko diren ordenantza fiskalen aldaketak onartu ditu. Neurri nagusien artean dago egonaldi turistikoen gaineko zerga berria, 2027ko urtarrilaren 1ean indarrean sartuko dena.
Udalaren arabera, zergaren helburua turismo-jarduerak udalerrian sortzen dituen ondorioei aurre egitea eta turismo jasangarriagoa sustatzea da.
6,50 euro etxebizitza turistikoetan
Tarifak Bermeoko Udalean ordezkaritza duten hiru alderdien arteko adostasunez zehaztu dira, Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako taulak oinarri hartuta.
Erabilera turistikoko etxebizitzek 6,50 euroko tasa izango dute gau eta pertsona bakoitzeko, etxebizitza osorik nahiz gelaka alokatzen denean. Udalak erabakia Bermeoko etxebizitza-merkatuaren egoerarekin eta etxebizitza turistikoek duten eraginarekin lotu du.
Hotelentzako tarifa, berriz, 1,25 eta 5 euro artekoa izango da kategoriaren arabera. Pentsioek eta aterpetxeek 1,25 euro ordainduko dute; apartamentu turistikoek, 2 euro; landetxeek, 0,75 euro; eta nekazaritza-turismoko establezimenduek, 0,50 euro.
Hainbat salbuespen
Ez da zerga ordaindu beharko kasu jakin batzuetan. Salbuetsita egongo dira, besteak beste, 18 urtetik beherakoen egonaldiak, %65eko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonenak, II. edo III. graduko mendekotasuna dutenenak, ikasketa edo ikerketa akademikoekin lotutako egonaldiak eta osasun-arrazoiengatik egindakoak.
%95eko hobaria alokairu babestuko etxebizitzentzat
Ordenantza fiskalen aldaketak ez dira turismo-zergara mugatzen.
Udalbatzak Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan, EIOZn, bi aldaketa ere onartu ditu. Alde batetik, orain arte Elizarentzat zegoen salbuespena kenduko da.
Bestetik, Visesarekin sinatutako hitzarmenaren ondorioz, %95eko hobaria ezarriko da Bermeon alokairu babestuko babes publikoko etxebizitzak sustatu eta eraikitzeko obretan.