

Bermeoko Udalak zabaldu egin du 2025eko Andra Mari eta Santa Eufemia jaien liburuan argitaratuko diren artikuluak aurkezteko deialdi publikoa. Ekimenaren helburua da herriko sortzaileen lanak plazaratzeko aukera eskaintzea eta, era berean, sorkuntza, kultura eta tradizioa sustatzea.
Parte hartzea irekia da 15 urtetik gorakoentzat
Deialdia 15 urtetik gorako pertsona guztiei zuzenduta dago. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahal izango ditu, betiere Bermeorekin edo bermeotarrekin lotura duten gaiei buruz: kondairak, ipuinak, ahozko tradizioa, artea, musika, hizkuntza, folklorea, eta abar. Iritzi-artikuluak, ordea, ez dira onartuko.
Testuen ezaugarriak eta aurkezteko baldintzak
Lanak euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira, baina euskaraz idatzitakoek lehentasuna izango dute, eta gaztelaniazko testuek gehienez %20ko lekua izango dute. Beste hizkuntzetan aurkeztutako lanak egilearen baimenarekin itzul daitezke.
Testuek gehienez 9.000 karaktere izan behar dituzte (lau orrialde inguru), eta paperean zein Word formatuan aurkeztu beharko dira. Irudi edo argazkirik gehitu nahi izanez gero, jpg formatuan bidali beharko dira.
Epea eta aurkezteko bideak
Lanak 2025eko uztailaren 1a, 14:00ak arte aurkeztu beharko dira, ondorengo bi bide hauetako baten bidez:
-
Berhaz bulegoa (Ertzilla kalea 6-8)
-
Bermeoko Udalaren egoitza elektronikoa
Argitalpen irizpideak
Liburuan 44 orrialde daude artikulu hauek argitaratzeko. Muga hori gaindituz gero, bi testu aurkeztu dituzten egileetatik lan bakarra argitaratuko da. Argitaratu gabe gelditzen diren testuek lehentasuna izango dute hurrengo urteko edizioan.
Gainera, eduki bortitzak, diskriminatzaileak edo genero-estereotipoak indartzen dituzten testuak ez dira onartuko. Lanek ikuspegi inklusiboa izan beharko dute eta emakumeen eta gizonen arteko presentzia orekatuaren alde egin.
Informazio gehiago
Oinarriak osorik kontsultatzeko:
🌐 www.bermeokoudala.eus