Bizkaia

Ondarrutarrek aukeratuko dute Andra Mari jaietako kartela

Aurkeztutako kartel guztiak ikusgai egongo dira uztailaren 8tik 20ra Ondarroako Udal Erakusketa Aretoan
Ondarrutarrek aukeratuko dute Andra Mari jaietako kartela
Banner de Laugelu en Bilbao

Ondarroako Udalak erabaki du 2025eko Andra Mari eta Santa Kurutz jaietako kartel lehiaketaren irabazlea herritarrek aukeratzea. Orain arte, kultura batzordeko taldeek hautatzen zuten kartel irabazlea, baina iazko balorazio bileran proposatutako ideiatik abiatuta, parte-hartze formatu berria probatzea erabaki da. “Herritarrek beraiek erabakitzea aukera polita da, eta parte hartzea sustatzeko beste urrats bat”, azaldu du Ion Iñaki Artetxe kultura batzordeburuak.

Bozketa: presentziala eta boto bakarra

Aurtengo edizioan, bozketa presentziala izango da, eta pertsona bakoitzak boto bakarra emateko aukera izango du. “Momentuz ez dugu online bidez boto bakarra dela bermatzeko baliabiderik, eta lehen aldia izanik, aurrez aurre egitea erabaki dugu”, adierazi dute antolatzaileek.

Aurkeztutako kartel guztiak ikusgai egongo dira uztailaren 8tik 20ra Ondarroako Udal Erakusketa Aretoan. Herritarrek, identifikaziorik gabeko kartelen artean euren gustukoena hautatu, eta bertan jarriko den kutxan bozkatu ahal izango dute. Bozka gehien jasotzen duen kartela izango da irabazlea. Berdinketa emanez gero, Ondarroako Kultura Sailak egingo du azken hautaketa.

Parte hartzeko oinarriak

  • Parte hartzea irekia da eta gaia librea. Egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du.

  • Kartelaren ezaugarriak:

    • Tamaina: A3

    • Formatua: euskarri gogorra edo papera

    • Teknika: librea

    • Testua: “2025eko ONDARROAKO JAIAK” eta letra txikiagoan “Andra Maixak. Abuztuaren 11tik 17ra

  • Aurkezteko epea: 2025eko ekainaren 30a, 13:00ak baino lehen

  • Aurkezteko moduak:

    • Udal erregistro orokorra

    • Ondarroako Egoitza Elektronikoa

    • Postaz: Ondarroako Udala – Jaietako kartel-lehiaketa 2025 – 48700 Ondarroa

  • Aurkezteko baldintzak:

    • Kartelak izenik gabe aurkeztuko dira, goitizen edo lema batekin.

    • Barruan beste kartazal bat egongo da egilearen datuekin eta NANaren kopiarekin.

Sariak eta egile eskubideak

  • Irabazlearentzat saria: 600 euro, zerga araudia aplikatuta.

  • Irabazlea uztailaren 21ean jakinaraziko da.

  • Udalak jabetza osoa eskuratuko du kartel irabazlearen gainean eta eskubidea izango du zabaltzeko, argitaratzeko eta QR edo antzeko elementuak txertatzeko, beti ere konposizioa aldatu gabe.

  • Kartelak originalak, egilearen baimena dutenak edo erabilpen librekoak izan beharko dira.

  • Saritu gabeko kartelak egileen esku geratuko dira berriz jasotzeko, abuztuaren 8a baino lehen.

Parte hartzera deia

Ondarroako Udalak herritarrak gonbidatzen ditu kartelak aurkeztera eta bozkatzera, Andra Mari jaietako irudia elkarrekin hautatzeko aukera baliatuz. Lehiaketak parte-hartze herritarra eta sormen artistikoa bultzatu nahi ditu.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *