Bizkaia

Lekeitiok etxebizitza turistikoen lizentziak geldiarazi ditu

Udalak lizentziak eten ditu HAPOaren (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra) aldaketa puntuala onartu arte
Lekeitiok etxebizitza turistikoen lizentziak geldiarazi ditu
Banner de Cáritas Bizkaia en Bilbao

Lekeitioko Udalak etxebizitza turistikoen hedapena geldiarazteko erabakia hartu du. Horretarako, etxebizitza turistikoen lizentziak eten ditu HAPOaren (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra) aldaketa puntuala onartu arte.

Pasa den urteko maiatzean abiatu zuen Udalak arau aldaketa horren prozesua, herrian gero eta gehiago diren etxebizitza turistikoen hedapena mugatzeko helburuarekin. Gaur egun, 92 etxe turistiko daude erregistratuta Lekeition, eta zenbatu gabekoak askoz gehiago direla susmatzen da.

Etxebizitza turistikoak: arazo bihurtutako fenomenoa

Etxebizitza turistikoen fenomenoa mundu mailan zabalduta dago, eta Lekeition arazo bilakatu da. Gero eta ohikoagoak dira etxe atarietan Etxebizitza Turistikoen plakak, sarritan bat baino gehiago eraikin berean. Egoera horren aurrean, Udalak neurriak hartzea erabaki du, eta prozesuak bi urte inguruko iraupena izango duela aurreikusi da.

Herritarrek jasaten duten etxebizitza arazoa

Udalak azken hilabetean aurkeztu duen diagnostikoak ondorio argiak utzi ditu: biztanleria zahartzen doa, gazteak joaten ari dira eta etxe huts asko dago herrian. “Lekeitioko metabolismo demografikoaren eta etxebizitza beharraren azterketa” izeneko txostenak hiru ondorio nagusi nabarmendu ditu, eta etxebizitza turistikoen hazkundeak egoera hori larriagotu dezakeela ondorioztatu du.

Lekeitioko etxebizitzen %17,2 hutsik daude

Diagnostiko berak adierazi duenez, Lekeitioko etxebizitzen %17,2 (909 etxe) hutsik daude urte osoan. Datu hori EAEko bataz bestekoa baino askoz altuagoa da. Aldi berean, etxebizitzen %25,4 bigarren etxebizitza gisa erabiltzen dira, eta %57,4k soilik dute lehen etxebizitza funtzioa.

Horri aurre egiteko, Udalak Alokabiderekin lankidetza hitzarmen bat sinatu du. Akordio horri esker, Udalak etxe hutsen jabeak zuzenean informatuko ditu alokairu duina eskaintzeko aukera dagoela jakinaraziz. Alokabidek etxebizitzak 6 urterako alokairuan jartzea eta jabetzaren zaintza bermatzen du.

Karabiako Plan Bereziari hasierako onarpena

Etxebizitza eskuragarriak sustatzeko beste pausu bat ere eman du Udalak. Karabia eremuko etxebizitza sozialak eraikitzeko Plan Bereziari hasierako onarpena emango zaio gaurko Osoko Bilkuran. Hori eginda, 45 laneguneko epea irekiko da alegazioetarako, eta ondoren, behin betiko onarpena emango da.

Karabiako proiektuaren bidez, 60 etxebizitza sozial eraikiko dira alokairurako, eta Eusko Jaurlaritzak kudeatuko ditu. Hala ere, Udalak ohartarazi duenez, oraindik urte batzuk beharko dira proiektua errealitate bihurtzeko.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *