Bizkaia

Ondarroak ikasgela berri bat zabalduko du datorren ikasturtean

Ondarroako Udalak eta Andra Mari Parrokiak sinatutako hitzarmenari esker, ikasketa gela berri bat ipiniko dute martxan 2025-2026 ikasturterako
Ondarroak ikasgela berri bat zabalduko du datorren ikasturtean
Banner de Cáritas Bizkaia en Bilbao

Ondarroako Udalak eta Andra Mari Parrokiak sinatutako hitzarmenari esker, ikasketa gela berri bat ipiniko dute martxan 2025-2026 ikasturterako. Azpiegitura hau San Inazio kaleko Antiguako Ama Arrantza Eskola izan zenaren beheko solairuan kokatuko da, eta lehen KZgunea zen espazioa izango da hemendik aurrera ikasteko gunea.

Doako erabilera eta egokitzapen osoa Udalaren eskutik

Eraikina parrokiarena bada ere, espazioa doan utzi dio Udalari eta hark egingo ditu barruko egokitzapen guztiak. Helburua ikasturte berria hasteko garaian gela guztiz erabilgarri egotea da.

Irina Alkorta Bedialauneta jarduneko alkateak azpimarratu duenez, «Udaletik eskerrak eman nahi dizkiogu Ondarroako Andra Mari Parrokiari, herriak behar zuen azpiegitura berri hau prestatzeko bidelagun izateagatik». Hitzarmena gaur, apirilaren 8an, sinatu dute udaletxean, Irina Alkorta eta Jabier Etxebarria Mugarza, parrokiako apaizak.

Gela berria: baldintza egokien bila

Orain arte, ikasteko gunea Txomin Agirre Udal Liburutegian egon da, baina baldintza hobeak eskaintzeko beharra ikusita, gune propio bat sortzea erabaki dute. Gela berriak isiltasuna, konexio egokia, komun propioa, ordutegi malgua eta irisgarritasuna eskainiko ditu, ikasteko espazio aproposa bihurtuz.

60 metro karratuko gela irisgarria izango da, eskaileretarako plataforma eta komun propioarekin, eta herriaren erdigunean egongo da kokatuta. “Ikasketa gela batek behar dituen baldintza guztiak betetzen ditu”, adierazi dute.

Prozesu parte-hartzailea eta eskari soziala

Ikasle eta gazte taldeek egindako eskaerei erantzunez abiatu da proiektua. “Aspaldi hasi genuen ikasketa gela bat herrian ipintzeko bidea. Ez da erraza izan lokal egokia aurkitzea, baina parrokiaren espazioa egokia dela ikusi dugu bai udaletik, bai gazteen aldetik ere”, nabarmendu du Alkortak.

Azpimarratu du, halaber, gazteekin izandako elkarlan estua eta beraien ekarpenek proiektua aurrera ateratzeko garrantzia izan dutela. “Eskerrak eman nahi dizkiegu proiektu honetan bidelagun izan diren gazteei”, esan du.

Araudia eta funtzionamendua finkatzeko garaia

Hitzarmena sinatuta, Udalak orain ordutegia, sarrera-irteerak eta konexioen erabilera arautuko dituen irizpideak finkatuko ditu. Gela ordutegi malguko eta sarrera kontrolatuko espazioa izango da.

Udalak azpimarratu duenez, inguruko herrietako ikasketa gelak aztertzen ari dira eredu egokiena definitzeko. Hiruzpalau asteko epean hitzarmena sinatzeko konpromisoa hartu zuten herri batzarrean, eta hitz emandakoa bete dute.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *