

Arrigorri hondartzako udako gordailu-zerbitzuan lehentasuna izango dute 70 urte edo gehiago dituzten ondarrutarrek, baita gutxienez %33ko desgaitasuna dutenek ere. Aurten, baliabide faltaren aurrean antolaketa hobetzea da helburua, eta horretarako lehentasunen araberako esleipena ezarri da.
Lehentasun hori baliatzeko epeak izango dira maiatzaren 29a (eguaztena), 30a (eguena) eta 31n (barikua), goizez 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 19:00etara. Behin epe horiek igarota, gainerako ondarrutarrek izango dute aukera, eta azkenik publiko orokorrak.
Ez da erreserbarik onartuko
Ordainketa eta materialaren entrega momentuan bertan egin beharko dira. Ez da erreserbarik onartuko eta eskaerak jasotze-ordenaren arabera esleituko dira. Gainera, epez kanpo egindako eskaerek ez dute lehentasunik izango, eta horren ondorioz, baldintza orokorretara egokituko dira.
Zer material gorde daiteke eta nola
Pertsona bakoitzak aulki edo etzaulki bat eta eguzkitako bat utzi ahalko ditu. Umeentzako jolasteko materiala ere onartuko da. Materiala uzteko garaian ezinbestekoa izango da titularraren Nortasun Agiria aurkeztea eta ordainketa egitea. Ez da onartuko beste norbaiten izenean jardutea.
Uda osorako tarifak
-
Etzaulkiak: 60 euro
-
Aulkiak: 50 euro
-
Eguzkitakoak: 45 euro
-
Umeen jolasak: 18 euro
Zerbitzua goizeko 10:00etatik gaueko 21:00etara egongo da erabilgarri uda osoan.