Bizkaia

Bermeok Palestinarekiko elkartasun mezua zabaldu du Izaron, Madalen Egunean

Alkateak itsasora jaurtitako teilak ‘Bermeotik Gazara’ mezua zeukan Palestinako banderarekin batera
Bermeok Palestinarekiko elkartasun mezua zabaldu du  Izaron, Madalen Egunean
Banner de Nueva App de Radio Popular – Herri Irratia en Bilbao

Bermeo bere egunik esanguratsuenetako bat ospatzen ari da gaur: Madalen Eguna. Egun honek izaera berezia du herriarentzat eta herritarrentzat, eta, ohitura eta protokoloari jarraituz, Izaroko irla izan da protagonista nagusia. Aurtengoan, ordea, teilaren jaurtiketa ohiko ekintza huts bat baino gehiago izan da. Bermeoko alkateak, Nadia Nemeh Shomalyk, itsasora bota duen teilak Bermeotik Gazara mezua zeraman, Palestinako banderarekin batera, herri palestinarraren aldeko elkartasun-keinu gisa.

Antzinatik egiten ohi denez, Izaro parean gelditu eta itsasora teila bota du. Ohi legez, ‘Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak’ esaldia erabili du Bermeoren mugak sinbolikoki adierazteko, baina, aurten, aldi berean, sufrimenduaren eta injustiziaren aurkako oihua zabaldu du mundura. “Gaur, itsasoaren bihotzetik, isiltasuna apurtu gura dugu. Gaurko teilak mezu sinboliko bat daroa, olatuak gurutzatzea eta sufrimendua arintzea helburu duena. Aurten gure Madalenatako teilaren bitartez, Palestinaraino heldu gura dugu. Munduak aldarrikatzen duen bake gogoarekin bat egin gura dugu. Palestinan bizi diren pertsonei adierazi gura diegu, sinesten dugula euren lurra Palestina dela, euren izaeraren zatia dela, euren nortasuna euren herrian, eta libre eraiki behar dela”, adierazi du alkateak itsasoratu aurretik.

Palestinarekin daukan lotura aipatu du alkateak, baina gaurko keinua lotura horretatik kanpo dagoen ekintza bat dela nabarmendu du: “Bai Euskal Herriak eta bai Bermeok ere, erakutsi dute askatasunaren eta bakearen alde daudela. Horregatik, gaur alkate modura teila botako badut ere, nire eskuetatik teilak irteten duen momentuan, herritarron hegoekin joango dela bake eta askatasun mezua Palestinaraino!”.

Goizean goiz giroa alaia eta hunkigarria izan da Bermeon. Kankinkabara txistulari taldearen kalejirarekin hasi da eguna, eta Goiko Plazan elkartu den udal korporazioa porturantz abiatu da, Alkate soinua entzun ostean. Bertan hasi da itsas jaiaren une nagusia: Izarorako ontziratzea. Bermeoko alkateak teila itsasora jaurti baino lehen, ohikoa den moduan, Bermeoko Udalak, Bermeoko bandera eta ikurrina jarri ditu Izaro uhartean. Ondoren, itsasontziak Elantxoberantz joan dira eta bertan ohorezko aurreskua egingo zaie ordezkariei. Bermeoko udalbatzarekin batera daude ohi modura, Mundakako eta Elantxobeko alkateak, bai eta erakunde desberdinetako ordezkariak ere. Horrez gain, udalak egindako zozketari esker, aurten, 17 herritarrek izan dute udal korporazioarekin batera ontzian joateko eta Madalen Eguneko jaia gertutik bizitzeko aukera. 17:30ean, Elantxobetik irtengo dira, Mundakarako bidea hartzeko, eta bertan geldialdia egin ostean, Bermeorako bidea hartuko dute berriro ere; 19:30ak aldera iristea espero da.

Portutik udalbatza Goiko Plazaraino abiatuko da Betijai fanfarreagaz. Bermeoko bandera eta ikurrina altxatu ondoren, aurreskuak eta zabaletakoak egingo dira. Ondoren, Betijai fanfarreagaz beherakada egingo da San Migeleko eskailerataraino. 20:00etatik 01:00etara, Puntu Morea jarriko da Portuzarrean; bertan, informazioa, aholkularitza eta eraso sexisten kasuan, laguntza eskainiko dira. Bermeoko Udalak eskerrak eman dizkie mota guztietako ikurrak erabilita Palestinarekiko elkartasun mezua zabaltzen lagundu duten guztiei. “Madalen Eguna gure eguna da, bai, baina begirada haratago zabaltzeko aukera ere bada. Gure erroetatik abiatuta, enpatiazko zubiak eraiki nahi ditugu. Gaur, zubi horietako bat Palestinara heldu dadin saiatu gara. Eskerrik asko den denoi ”, adierazi du alkateak.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *