Ondarroako Udalak, Etxelilak eta Ondarroako Mugimendu Feministak (OMF) azaro osoan zehar egingo diren jardueren egitarau zabala antolatu dute. Hilabetea aldarrikapenez beterik dator, azaroaren 19a (Haur eta Nerabeen Kontrako Sexu Abusuen Prebentziorako Nazioarteko Eguna) eta azaroaren 25a (Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna) ardatz hartuta.
Azaroaren 19a: kontzentrazioa eta solasaldia Etxelilan
Ondarroako Mugimendu Feministak kontzentrazioa deitu du azaroaren 19ko 19:00etan, Haur eta Nerabeen Kontrako Sexu Abusuen Prebentziorako Nazioarteko Eguna dela eta.
Ondarroako Udalak bat egin du deialdiarekin eta herritarrei parte hartzeko gonbidapena luzatu die. Hurrengo egunean, azaroaren 20an, Etxelilan “Caterva” izeneko solasaldia egin da Kristina Pozo Sevilla adituarekin, gai beraren inguruan.
Hilabete osoan: “Munduko emakumeak koloretan” erakusketa
Etxelilan ikusgai egon da Esther Agrasar Pesqueira sortzaile ondarrutarraren “Munduko emakumeak koloretan” erakusketa, emakumeen indarra eta aniztasuna irudikatzeko asmoz.
Autodefentsa feminista gazteentzat
Azaroaren 22an, 11 eta 13 urte bitarteko neska gazteei* zuzendutako autodefentsa feminista tailerra egin da Etxelilan.
17:00etatik 20:00etara bitartean, parte-hartzaileek ahalduntzearen bidez erasoen aurrean erantzuten ikasi dute. Izena aldez aurretik eman behar izan da.
Azaroaren 25a: Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna
Egun honetan, Ondarroako Mugimendu Feministak manifestazioa antolatu du 19:00etan Zaldupetik, eta Udalak ere bat egin du ekimenarekin. Herritarrei dei egin zaie kalean elkarrekin aldarrikatzera.
Azken txanpa: Esne Berriketan eta Argako Erregina
Egitaraua bi ikuskizunekin itxi da:
Azaroaren 28an, “Esne Berriketan” saio literario-musikala izan da Kofradia Zaharrean, Uxue Alberdi, Iban Urizar Amorante, Ane Labaka eta Oihana Bartra protagonista zirela. Ondarroako emakumeak ere izan dituzte hizpide.
Azaroaren 29an, “Argako Erregina” antzezlanak hartu du Kofradia Zaharra. Remigia Etxarren, Iruñeko funanbulista ospetsua, izan da lanaren ardatza, Estefania de Paz Asinen eskutik.
Gainera, Ondarroako Euskal Wikiemakumeak taldeko kideek ere parte hartu dute ekimenean.