![Bermeon sortutako sastar kopurua berriro jaitsi da 2024an](https://rpopular.mediasector.es/estaticos/2025/02/13150358/edukiontziak-880x495.jpeg)
![Banner de BBVA en Bilbao](https://rpopular.mediasector.es/estaticos/2023/02/04201110/BBVA-RecursosFCyPI_CapAyT_TraspasoFondos_SS-B-HS-1968_960_300_v1-1.jpg)
Azken urteetako joerari jarraituz, 2024an Bermeon sortutako sastar kopurua %1,46 jaitsi da aurreko urtearekin alderatuta. 4.317 tona sastar sortu dira guztira, hau da, 257 kilo biztanleko. Bermeoko Ingurumen sailak datu hori azken 25 urteetako baxuena dela nabarmendu du, eta jaitsiera honek udal gastuak ere murrizten dituela gogorarazi du, izan ere, Zabalgarbiko erraustegira doan tona bakoitzeko 131,55 euro ordaindu behar ditu Udalak.
Birziklapenaren joerak: beira igo, papera eta ontzi arinak jaitsi
Beiraren birziklapenak %1,76ko igoera izan du 2024an, guztira 511 tona (30 kilo biztanleko) batu direlarik. Aldiz, papera eta kartoia %2,33 gutxitu da, 420 tona (25 kilo biztanleko) birziklatu direlarik. Ontzi arinen birziklapena ere behera egin du %2,18, 335 tona (20 kilo biztanleko) batu direlarik.
Arropa eta etxetresna txikien birziklapena %19 igo da
Bolumen handiko hondakinen bilketa 2021etik jaisten joan da, baina 2024an %6,06ko igoera izan du, 205 tona (12 kilo biztanleko) birziklatuz. Arropa eta etxetresna txikien bilketak igoera nabarmena izan du, %19. Guztira, 52 tona (3 kilo biztanleko) bildu dira, orain arteko daturik onena. Pilen bilketak %47,16 egin du gora, 1.657 kilo pila batu direlarik (0,10 kilo biztanleko).
Olio eta organikoaren birziklapena, beheranzko joeran
Olio bilketak %10,71ko jaitsiera izan du, 10 tona olio (0,60 kilo biztanleko) birziklatuz, azken urteetako daturik baxuena izanik. Organikoaren bilketa %16 jaitsi da, 118 tona (7 kilo biztanleko) baino ez direlarik batu. Bermeoko Udalak datu hau kezkagarritzat jo du, eta egoera iraultzeko udaberrian organikoaren birziklatzeari buruzko sentsibilizazio kanpaina bat egingo du.
Kontsumo arduratsua eta birziklatze ohiturak
Zigor Uriondo Arrue, Bermeoko Ingurumen zinegotziak, kontsumo arduratsua sustatzeko beharra azpimarratu du: «Garrantzitsua da bertoko produktuak kontsumitzea, gain-ontziratutako elikagaiak saihestea eta erosketetan orga edo telazko poltsak erabiltzea».
Horrez gain, berrizkatzeko ohiturak mantentzearen garrantzia azpimarratu du: «Bermeotarrok birziklatzeko ohituretan hobetu dugu, baina oraindik jasangarritasun helburuetatik urrun gaude. Guztion ardura da ingurumena zaintzea”. Birziklatzen jarraitzeko eta hondakinak murrizteko deia egin du, udalerrian oraindik hobekuntzarako tartea dagoelako.