Ekaitz Herrera Azkarraga idazle abadiñarrak irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria, aurkezturiko hogeita bost lanen artean. Leire Bilbao, Xabier Mendiguren eta Ana Urkiza epaimahaikideek “Hondar batean arre” izeneko lana aukeratu dute irabazle, eta Herrerak 8.000 euroko saria jaso du, baita bere eleberria Elkar argitaletxeak urtebete barru argitaratzeko aukera ere.
Saria ostiral arratsaldean banatu da Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jardunaldien barruan. Ekitaldi berean aurkeztu da iazko proposamen irabazlearen emaitza ere: Julen Apellaren “Sakelako bihotzak” eleberria.
Mattin, bizitzaren bigarren aukera baten aurrean
“Hondar batean arre” nobelak Mattin du protagonista, 60 urteko gizona, ospitalearen aurrean loreak saltzen dituena. Negozioak ez dionez ondo egin, kalean bizitzera behartuta geratu da eta ikasle-pisu batean aterpe berria aurkitu du. Ia berrogei urte gazteagoak diren etxekideekin bizitzen ikasi behar izan du, euren kodeak eta ohiturak ezagutuz.
Bizi osoan inoiz maitemindu ez den gizon horrek bere burua hobeto ezagutu eta bizitzaren etapa berri bati ekiteko aukera aurkitu du. Epaimahaiak lanaren umorea, idazkera dotorea, elkarrizketen freskotasuna eta hizkuntzarekin jolasteko trebezia azpimarratu ditu.
Ekaitz Herrera, ikus-entzunezkoen eta komunikabideen mundutik literaturara
Ekaitz Herrera Azkarraga (Abadiño, 1986) ikus-entzunezko komunikazioan graduatua da. Euskarazko hedabideetan lan egin du —idatzizko prentsan, telebistan eta irratian— eta ETBko saio ezagunetan parte hartu du erredaktore eta gidoilari moduan: Herri txiki, infernu handi, Bisitaria, Burubero eta Sautrela, besteak beste.
Azken urteotan, Durangaldeko Anboto komunikabidean ari da erredakzio-buru lanetan. “Hondar batean arre” izango da bere lehenengo obra literarioa.
Sariaren historia: nobela laburretik sormen-bekara
Augustin Zubikarai saria, hasieran nobela laburren lehiaketa izan zena, 2010ean bihurtu zen nobelak sortzeko beka. Ordutik, hainbat egile nabarmenduren lanak sortu eta argitaratu dira beka honen bidez:
2010 – Joxean Agirre: Zwei Frauen (Bi emakume)
2011 – Itxaso Araque: Damutzen ez direnak
2012 – Garbiñe Ubeda: Hobe isilik
2013 – Garazi Kamio: Orube abandonatuak
2014 – Jasone Osoro: 12etan bermuta
2015 – Miren Gorrotxategi: 33 ezkil
2016 – Katixa Agirre: Amek ez dute
2017 – Xabier Etxeberria: Berriro itzuliko balitz
2018 – Eneko Barberena: Afrikanerrak
2019 – Idoia Garzes: Mendiko gaitza
2020 – Lander Garro: Faith
2021 – Mikel Alvarez Sarriegi: Euskalia
2022 – Patxi Zubizarreta: Loak ezkutatzen duena
2023 – Karmele Mitxelena: Zoriona, edo antzeko zerbait eta Goio Ramos: London Calling
2024 – Julen Apella: Sakelako bihotzak