Bermeok alegazio teknikoak aurkeztu ditu Sollube Gane Parke Eolikoaren proiektuari

Udalak ingurumenaren, ondare arkeologikoaren eta hirigintzaren ikuspegitik proiektuak dituen gabeziak azpimarratu ditu
Bermeok alegazio teknikoak aurkeztu ditu Sollube Gane Parke Eolikoaren proiektuari
Bermeo (Bizkaia) / EUROPA PRESS - Archivo
Banner de Obramat en Bilbao

Bermeoko Udalak alegazio teknikoak aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Iraunkortasun Sailak sustatutako Sollube Gane Parke Eolikoaren proiektuari. Udaleko teknikariek Jaurlaritzaren webgunean argitaratutako dokumentazioa sakon aztertu dute eta “beharrezkotzat” jo dute proiektuari alegazioak aurkeztea. Kontuan izatekoa da Bermeo Urdaibai Biosfera Erreserbaren barruan dagoen udalerria dela, eta eolikoen proiektua Biosfera Erreserbaren mugan kokatu dutela.

Udalaren txostenean jasotzen denez, “ez dago inongo justifikazio objektiborik ezta legezko derrigortasunik ere, Sollube Ganeko proiektu eolikoa garatzeko”, eta “inon ez da benetan justifikatzen ‘Sollube Gane’ proiektua dela aukerarik egokiena edo estrategikoena ingurumenaren egoera hobetzeko”. Horregatik, ikusten da aurretiaz “beharrezkoa” dela proiektua ofizialki “ekimen estrategiko moduan izendatzea, inplikatuta dauden erakunde guztien arteko adostasunarekin”.

Gainera, proiektua Bermeoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrera (HAPO) egokitu beharko litzateke, izan ere, eremu horretan, erabilera debekatuen artean daude lurren mugimenduak egitea, eta beti ere, ikusmen edo ingurumen-inpakturik sortarazten ez badu.

Zarataren eta paisaiaren eragin metagarriak

Epe laburrean Sollube eta Jata mendien inguruan aurreikusitako hiru proiektu eolikoek eragin metagarria izan dezaketela azpimarratzen du txostenak; beraz, beharrezkoa da haien zarataren eta paisaiaren eragin metagarriak modu bateratuan aztertzea. Ingurumenaren alorrean, obra fasean aurreikusitako lur mugimendu handiak kontuan hartuta, espezie inbaditzaileen kontrola indartu beharko litzateke Ingurumenaren Zaintza Programan, eta kendu beharreko zuhaitzak udalerrian ordezkatu, zuhaitz interesgarrienak babesteko neurri bereziak ezarriz.

Ez da behar bezala aztertu

Bestalde, txostenean azpimarratzen da ez dela behar bezala aztertu Sollubeko estazio megalitikoaren balioa eta osotasuna, eta proposatutako proiektuak ondare multzo horri eragin diezaiokeela. Honez gain, SL-02 aerosorgailuaren (6-America izenekoa) inguruan obren fasean kontrol berezia ezartzea eskatu da, inguru horretan dauden balio handiko elementuak ez kaltetzeko.

Proiektuaren beste gabezia nagusietako bat da ez dela zehaztu kableatuaren zangak zer zabalera izango duen tarte bakoitzean; horrek zaildu egiten du izan ditzakeen eraginak behar bezala ebaluatzea. Era berean, Busturialdea Artibaiko Lurralde Plan Partzialaren (LPP) flora, fauna eta paisaiari buruzko zehaztapenak kontuan hartu behar direla gogorarazten da Bermeoko Udalak aurkeztu dituen alegazioetan: “Proiektua, hain zuzen ere, hiru saguzar espezie mehatxaturen interes biziko eremuaren barruan kokatu dute”.

Ingurumen-konpentsazio neurriak

Azkenik, Bermeoko Udalak uste du kaltetutako udalerrientzat ingurumen-konpentsazio neurriak ezarri behar direla, proiektuaren inpaktua arintzeko eta inguruko komunitateek eragin negatiboen aurrean babes egokia izan dezaten.

Bermeoko Udaletik gogorarazi nahi da alegazioak aurkezteko epea azaroaren 12ra arte zabalik dagoela, eta herritarrei gonbita egiten die parte hartzera eta euren iritzia ematera, proiektu honek eskualdearen ingurumen eta paisaia ondarean izan dezakeen eragina kontuan hartuta.

Bestalde, udal ordezkariak Bermeoko auzo alkateekin bilduko dira astelehenean, euren ekarpenak eta iritziak jaso, behar diren azalpenak eman eta hurrengo pausoak zehazteko.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *